Espetxeaz besteko aukerak
Espetxeaz besteko aukeretara zer kasutan jo daitekeen.
Indarrean dagoen legedi penalak eta espetxeetako legediak gai honen inguruan
arautzen dutenaren arabera, Epaile eta Auzitegiek espetxea ez den bestelako
aukeretara jo eta beste moduko neurri batzuk ezar diezazkiekete drogarekiko
atxikimendua duten pertsonei:
- Batetik, delitua egiten duen pertsona erantzukizun penaletik salbuetsia
izan daiteke delitua egiteko unean intoxikazio-egoera osoan baldin
badago -alegia, alkohola, drogak, estupefazienteak hartu izanagatik-,
edota atzeraldi-sindromearen ondorioak baldin baditu (Kode Penalaren
20.2 artikulua). Kasu horietan epaileak, segurtasun-neurri gisa,
pertsona hori drogazaletasuna kentzeko zentro batean sartzeko agindua
eman dezake, delituaren erantzule deklaratuko balute betetzea legokiokeen
espetxeratze zigorrak iraungo lukeen denbora-bitarterako gehienez
ere (Kode Penalaren 102. artikulua).
- Gerta liteke ere, bestalde, intoxikazio-egoerak erantzukizun osoaz
ez salbuestea delitugilea (Kode Penalaren 21.1 artikulua), eta halakoetan
epaileak hura bi zentrotan sartzea erabaki dezake: alegia, espetxean,
denboraldi batez, eta drogazaletasuna kentzeko zentroan, beste batez.
- Azkenik, 88. artikuluak, oro har, espetxe-zigorraren ordezko neurriak
arautzen ditu. Artikulu horren arabera, delitugile ez ohikoen kasuan
beste zigor-mota batzuk jar daitezke espetxe-zigorraren ordez (bi
urterainoko espetxe-zigorraren ordez gehienez), baldin eta espetxeratze-zigorrak
prebentzio eta gizarteratze helburuak galaraz ditzakeela uste bada.
Asteburuko atxilozeak, isunak edo erkidegoaren aldeko lanak dira
espetxe-zigorraren ordezko gisa aurreikusten diren neurriak.
Askatasunaz gabetzeko zigorra betetzeko modu bereziak
Presondegi-erregimenak espetxe-zigorrak betearazteko modu bereziak hartzen
ditu kontuan. Horietako batzuk espetxeratze-zigor arruntaren ordezkoak izan
daitezke preso drogazaleen kasuan. Hona zein diren: gizarteratze zentroak
(163-164. artikuluak), mendekotasun-unitateak (165. artikulua) eta espetxeaz
kanpoko unitateak (182. artikulua). Unitate horiek, oro har, espetxeko hirugarren
gradua duten presoentzat eta asteburuan atxiloturik egotera zigortuta daudenentzat
izaten dira, eta guztien helburua presoa gizarteratzea lortzea da.
espetxeratuak >
araudia >
aukerak