Zitak
Begi aurrean neukan ikuspegiari begira -etxea bera, etxaldeko paisaia soil hura, harresi izoztuak, bizitasuna galdua zuten begi antzeko leiho haiek, landareen mardultasun eskasa, zuhaitz gaixoen enbor zurixkak-, aldartea durduzatu zidan halako makalaldi batek hartu ninduen, lurreko beste ezein sentipenarekin berdindu ez daitekeena ezpada opiomanoen esnatzearekin, haren egunerokotasunerako itzulera mingotsarekin, belo kentze higuingarri horrekin.
Edgar Allan Poe,Usher etxearen hondamena.
Drogaren eraginpean dagoen nia behatzaileagan gertatu diren aldaketen lekukotasuna ematen duen kanpoko munduarekin -drogen eraginpean eta, beraz, perzepzio normala bestelakotua- hitz egitean jabetzen da bere egoeraz.
Alberto Castoldi, Drogak hartutako testua. Droga eta literaturazko bi mende.
Sortaldean ibilia da, irudi benetakoez edo ametsezkoez betea dauka burua, pintorea izan da, baina uko egin zion pinturari Parisera iristean; haxisa hartzen du. Baina utzi egin du, aski du hura gordetzen duen kaixako usaina sumatzea aluzinazioak izateko.
Gustave Flaubert, Lan osoak.
Hitz batean: ezinezkoa da ez ulertzea gai narkotikoen kontsumoak, kopuru handitan zein txikitan, aldizkakoa edo egunerokoa, hala goi mailako klasetan nola behe mailakoetan, jatorri berbera duela beti: kontzientziaren ahotsa itotzeko beharra...
Leon Tolstoi, Zergatik drogatzen da jendea?
Eta espasmo beldurgarrienak izan nituen ondoren! Hezurrak inurriturik, goragale heriozko bat, ez heriotzako unean ez jaiotzakoan okerragoa izan ezin daitekeen espirituaren halako izu laborri bat. Hilzoriozko tortura hura arindu egin zen berehala, eta neure onera itzuli nintzen, eritasun larri baten ondoan bezala. Nire sentipen haietan bazen zerbait bitxia, ezin adierazizko halako berritasun bat, eta berrritasun horrexegatik, ezin adierazizko halako gozotasun bat. Gazteago sentitzen nintzen gorputzez, arinago, zoriontsuago; eta artegatasun mozkorgarri bat sumatzen nuen nire baitan...
Robert Louis Stevenson, Jekyll doktorearen eta Hide jaunaren kasu bitxia.
Batak bestearen jarraian hitz egiten zuten, gehiegizko abiaduran, ezin neurtuzko isiluneek etenda, haxiszaleak ez baitira denboraz jabetzen, irudi-multzo handiarengatik zalantzarik gabe, eta etengabe ordaintzen dute, aberatsak baitira urtetan, hiruehun urtekoak dituztela minutuak eta segunduak.
Alfred Jarry, Egunak eta gauak.
Ez dut uste gero, nire gelan nengoela, oldarrean sartu zidan tristeziari ihes egiteko nahiak bultzatu ninduenik haxisa hartzera arratsaldeko zazpietan. Ezer izatekotan, garondotik isilik heldu zidan hiriaren esku magikora otzantasunez amore emateko ahalegina izan zen hura.
Walter Benjamin, Haschisch.
Ez da kasualitatea ingelesek, duela urte asko, Txinako opio-soroak erre izana, ez eta opioa, heroina, morfina eta aluzigenotzat jotzen ziren landare guztien -peiotea, curarea, agar-agarra edo bebirina- kontsumo librea mundu osoan debekatu izana ere. Gizakiek izateari buruzko jakinduria jaioaurreko eta antzinako bat -sekta eta erlijio guztiek lurpean gorde dutena- berreskura dezatela eragoztea da kontua.
Antonin Artaud, Gutuna Rodezi, Lan osoak.
Narkotiko jakin batzuk hartu eta hurrengo, ondoko eguneko ahanztura-uneek badute antzik -nolabaiteko antza da, baina kezkagarria hala ere- lo natural eta sakoneko gau bateko ahanzturarekin.
Marcel Proust, Denbora galduaren bila. Sodoma eta Gomorra.
Indiarrek kuka eta espainiarrek koka deitzen duten belar hori da Peruko aberastasun-iturri handienetako bat, salerosketa handiak egiten baitira. Indiarrek oso gogokoa zuten eta espainiarrek medikuntzan erabili izan dituzte haren ontasunak.
Inca Garcilaso de la Vega, Inken iruzkinak.
introducción >
zitak I zitak II zitak III